gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2025ko maiatzak 17, larunbata
Zambrano
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK >MARÍA ZAMBRANO
BIOGRAFIA


María Zambrano 1904ko apirilaren 22an jaio zen Vélez-Málagan (Málaga). Gurasoak Blas Zambrano (pedagogo liberala) eta Araceli Alarcón zituen, maisu-maistra nazionalak biak.

1921. Filosofia ikasketak hasi zituen Madrilgo Unibertsitate Zentralean; han Ortega y Gasset, Julián Besteiro eta Xavier Zubiriren eskolak hartuko zituen.


1928
. Partaidetza aktiboa izango zuen ikasle mugimendu progresistetan, eta Ikasle Topaketetan parte hartuko zuen, besteak beste Gregorio Marañón, Indalecio Prieto, Manuel Azaña eta Ramón del Valle Inclán zituela lagun. “El Liberal” eta “La Libertad” egunkarietan ere jardungo zuen, eta Revista de Occidente-ren zirkuluan ere sartuta egongo zen. Urte honetan bertan tuberkulosi larria diagnostikatu zioten, eta jarduera oro galarazi, bizia bera baitzuen arriskuan. Derrigorrezko erretiro hartan sortu ziren gero “Delirio y Destino” liburua osatuko zuten lehenbiziko orrialdeak.


1930
. Bere “Horizonte del liberalismo” liburua argitaratu zuten.


1931
. Irakasle laguntzaile gisa sartu zen Madrilgo Unibertsitate Zentraleko metafisika katedran. Oso irakurketa bizien garaia zen: Dostoievski, Kant, Kafka, Bergson, Heidegger, Jung; eta idazle eta intelektual askorekiko harremanena halaber, Pedro Salinas, José Bergamín, Ramón Gaya, Luis Cernuda, Maruja Mallo, Miguel Hernández eta beste hainbatekin izango baitzen. Garai honetan partaidetza aktiboa izango zuen, gainera, mitin errepublikanoetan ere. Apirilaren 14an Bigarren Errepublikaren aldarrikapenean egon zen Madrilgo Puerta del Sol-en, bere kideekin batera.


1936
. Uztailaren 31n, estatu kolpe faxistaren ondotik, gobernu errepublikarrarekiko atxikimendua sinatu zuen, intelektual talde batekin batera. Irailaren 14an Alfonso Rodríguez Aldaverekin ezkondu zen; hau Errepublikaren Txileko Enbaxadako idazkari izendatuko zuten. Espainiatik irten eta María Zambrano hitzaldiak ematen hasiko zen Panama, Ekuador, Peru eta Txilen zehar.


1937
. Txileko Santiagon “Los intelectuales en el drama de España” liburua argitaratu zuen. Urte honen erdialdean, Bilbo gudaroste frankistaren mendean geratu zelarik, eta gerra ia-ia galduta zegoela errepublikazaleentzat, Espainiara itzuli ziren, eta gerra galtzen ari zen uneko itzultze horren zergatiaz galdetu ziotenean, Maríak honakoa erantzun zuen: “hain zuzen horrexegatik, oraintxe baita beharrezkoena Errepublikaren alde borroka gaitezen”. Senarra frontera joan zen, eta bera Haur EbakuatuentzakoKontseilari Nazional izendatu zuten Valentzian.


1938
. Errepublikaren gobernua Bartzelonara eramateak hiri horretara eraman zuen María Zambrano ere. Eskolak emango zituen Unibertsitatean, eta bere “Un camino español-Séneca o la resignación” liburua idatzi eta argitaratu zuen.


1939
. Espainiatik behin betiko aterako zen. La Junqueratik emango zion hasiera erbesteratze horri, bere ama eta ahizparekin batera. Autoz irtengo ziren, zati batean izan ezik zeren eta, ikusi zutelarik Antonio Machado poeta bere amarekin zihoala gerratik ihesi zihoan jende olde baten erdian oinez, eta Machadok uko egin ziolarik autoan sartzeari, nahiago baitzuen beste guztiekin batera oinez jarraitu, María Zambrano jaitsi egin zen, eta poetarekin eta honen amarekin batera egingo zuen bide zati bat. Horrela hasi zen Habana, Puerto Rico, Mexiko, Paris, Erroma eta Genevara eramango zuen berrogeita bost urteko ibilera luze-luze bat. Erbesteko lehen aldi horretan “Pensamiento y Poesía en la vida española” eta “Filosofía y Poesía” obrak argitaratu zituen. Europan okupazio naziaren garai zailak ziren. Gestapok atxilotu egin zuen bere ahizpa Araceliren senarra, Azañaren gobernuko kide zena, eta Espainiari entregatu eta bertan fusilatu zuten. María Zambrano gogoeta sakonean murgilduko zen, Espainiaren eta Europaren gau beldurgarri haren inguruan, eta honen emaitza gisa “La confesión como género literario y como método” liburua argitaratu zuen.


1945
. “La agonía de Europa” argitaratu zuen.


1946-1948
. Parisa joan eta han Luis Fernández, Octavio Paz, Picasso, René Char eta Albert Camus ezagutu zituen; azken honek, auto istripuan hil zen egunean, gainean zeraman María Zambranoren “Hombre y lo divino” lanaren frantseserako itzulpena Gallimard argitaletxearentzat. 1948an senarrarengandik banandu zen.


1949
. Paristik atera zen, bere ahizpa Aracelirekin, New Yorkerantz. Handik Habana, Mexiko eta Puerto Ricorantz. Bere “Hacia un saber sobre el alma” liburua argitaratu zuen.


1953
. Europara itzuli zen behin betiko, segidako egonaldiak eginez Erroman eta Genevan, harik eta 1984an Espainiara itzuli zen arte. Aldi honetakoak dira “Claros del bosque”, “Los sueños y el tiempo” eta “Persona y democracia” liburuak, besteak beste.


1981
. Urte hau oso garrantzitsua izango zen, Zambranoren pentsamendua Espainian zabaltzeko. Bere artikuluetako batzuk argitaratu zituzten hainbat aldizkaritan. Urte
honetan bertan jasoko zuen Asturiasko Printzea saria.


1983
. Malagako Unibertsitatearen “honoris causa” doktoregoa jaso zuen.


1984
. Azaroaren 20an Espainiara itzuli zen.


1988
. Cervantes saria irabazi zuen.


1990
. María Zambrano Fundazioak “María Zambranoren bizitza eta obrari buruzko Nazioarteko Lehen Biltzarra” antolatu zuen Beniel Jauregian, Vélez-Málagan. Urte honetan “Los Bienaventurados” liburua argitaratu zuten.


1991
. Otsailaren 6an hil zen Madrilen, Printzesaren Ospitalean, arnasa-aparatuko infekzio baten ondorioz. María Zambranoren gorpua Vélez-Málagan dago, limoiondo eta laranjondo baten artean.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net