gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2025ko maiatzak 17, larunbata
Zambrano
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK >MARÍA ZAMBRANO
IRUZKINAK

María Zambrano, poetaren biluztasun harritua

Gaur-gaurko espainiar panoraman María Zambrano (Vélez-Málaga, 1904-Madril, 1991) filosofoaren pentsamendu berritzailea izan da filosofia ulertzeko modu berri bat estreinako aldiz erakutsi duena; pentsamolde honen arabera, alderdi poetikoa beharbeharrezkoa da ikerkuntza filosofiko orotan (“Filosofía y Poesía“, Mexiko, 1939). Bere garairako aurreratua egonik, erantzun egin nahi izan zion Mendebaldea astintzen zuen krisialdi politiko, kultural eta espiritual sakonari, ezen Mendebaldea egitura itxiko sistema filosofikoetan zegoen murgilduta, eta sistemok pentsamendu bakar mota bat proiektatzen zuten, eta nomenklatura eta sistema arrazionalistegiak, adieraztezina atzemateko, ukatzen zen eta Espainian eta Europan hogeita hamarreko eta berrogeiko urteetan zehar bere bortizkeria osoz lehertu zen errealitate bat definitzeko ahalegin hutsal batean (“La agonía de Europa”, Buenos Aires, 1945).

María Zambranok lagatako aztarna etiko eta intelektuala giza konpromiso itsugarria da, zailtasun bereziko garai batean gainera. Lehenik, Habana, Mexiko, Puerto Rico, Paris eta Erroman zeharreko erbestealdi luze eta gorabeheratsua jasango zuen Espainiako Gerra Zibilean eta gerraostean zehar; gero, lehen pertsonan eta bere ahizpa Aracelirenean, jazarpen nazi ikaragarria Europaren okupazioan zehar.

Alabaina, uneoro bere egin zuen garai historiko hori, bidegabekerien aurkako jarduera intelektualerako erantzukizun moralaz, Bigarren Mundu Gerran zehar Parisen bere lagun Albert Camus filosofo frantsesak egingo zuen bezalaxe. Erresistentzia etiko tinkoa izan zen María Zambranorena, 1936ko Madril hartan langintza oparoa ekarriko ziona prentsa eta aldizkarietako kolaboratzaile gisa, idazle eta hizlari gisa defendatu baitzuen Espainiar Errepublikaren legezkotasuna 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpe faxistaren aurrean; eta geroago ere, erbestean zelarik jada, artikuluak idazten eta hitzaldiak ematen jarraituko zuen etengabe, Espainia zein Europa basakeria eta oinazezko gau luze batean murgilarazi zituzten Franco, Hitler eta Mussoliniren ideologia faxista arriskutsu haiek aurrera egiteak zekartzan arriskuez ohartaraziz (“Los intelectuales en el drama de España”, Santiago, Txile, 1937”).

Bere idazkera argiak apaltasuna itzultzen dio pentsamendu filosofikoari, jabetzarik eza, gure pentsamenduaren mugen ziurgabetasuna, unibertsoaren irakurketa egiteko modu berriak dakartzan metodo berria; eta modu berri hauek behaketa-puntuaren erlatibotasuna jasotzen dute, eta izaera analitiko, sinple eta deskripziozkoa gainditzen, hau izana baitzen nagusi jakinduriara iristeko unean, sarritan bizitza bera kontuan hartzen ez zuen sistema cartesiar baten barnean (“Los Bienaventurados” - Madril, 1990).

María Zambranok bultzatzen zuen arrazoi poetikoak, halaz, hantustezko arrazoitik atera du filosofia, itxura batean hau izugarri eroso baitzegoen horretan, izakiari buruzko analisiaren jainko handia balitz bezala. Pentsamolde haragiztatu berri honen izaera irekiak, besteren arteko bere aldakortasun eta desjarraitasun esentzia adiezinaz ulertzen du izakia, bere buruaren nomada dela badakienaren, ameskerien erdian zezelka ari den milaka urteko erromesaren txirotasun zoragarritik. Metafisika poetikoa, gu geu garen argia eta gaua bere egiten dituena.

Filosofo greziarrak eta Ortega y Gasset, Unamuno, Nietzsche, Heidegger, Kant eta beste hainbat ongi ezagutzen zituela (“Unamuno”, Habana, 1940), horiez guztiez oso bestelako bide bat aukeratuko zuen. Erabat ezinezkoa delarik den guztiaren izatea, are honen kausalitate eta horizonteak biltzen dituen sistema itxi bat ezartzea, filosofoak ez du errege baten antzera ibili behar, eskale baten antzera baizik. Enigmaren barnean, misterioa harridurazko hegaldi batean arnastuz, bizi den poetaren begiradaren eskaletasun horretan zehaztera joz, orduantxe dugu pentsamendua ikerketa kartsuaren bahi, pertzepzio sentikor, aurkikuntza huts bere esperientziazko ontologian, maitemindurik eta bizi-bizi ageri baita gauza orotan. Ikasketa eta idazketa, halaz, sorkuntzaren lengoaiatik sortzen dira, eta behaketa eta ekintza estetikoa dira aldi berean, eta bestearekiko etika halaber.

María Zambranoren idazkera sorkuntzazko ekintza hutsa da, bere ikerkuntza intelektualean adierazpenaren edertasunari, metaforari eta sinboloari uko egiten ez diona, bakar-bakarrik kontzeptuen unibertsoan oinarritutako filosofia tradizional horren aurrean pentsamendua gizatiarrean haragiturik erakustearren. Pasio, kimera eta mamuz osatutako gizatasuna, horixe baita bere labirintoan sutatik eta elurretatik berdin edaten duen gizakiaren ezaugarri eder eta beldurgarria.

María Zambranoren arabera beharrezko pentsalaria, beraz, ibiltaria izango genuke, usadioak ezarritako ibilbideetatik urrun, eta uneoro biluzirik agian, bazterturiko edo amets egindako beste bide batzuk esploratzen dituena, jakin badakielarik den-dena jar daitekeela zalantzan bere erlatibotasunean; izan ere, pentsatzen eta jakinduriatzat dugun guztia ez ote, akaso, denbora-interpretazio hutsa? Dena da erlatiboa, giza izaeraren azal hauskor honen barnean elkarrekin nabigatu ahal izateko ezinbestekoa zaigun orotaranzko begirada maitemindu, miserikordiazko hori izan ezik. Giza izaera hezurrezko aldamioa baita, zerua eta sumendien bihotza pentsatu ahal izateko lurrezko ontzi apala.

 

Bere liburuetako biri buruzko gogoetatxo bat

“Inolako zalantzarik gabe galderak etenaldi bat dakar berekin, denborazko etendura bat, espazioaren zabaltze bat eraginez, halako hustasun bat sorraraziz” (“Los Bienaventurados”- María Zambrano).

 

“Los Bienaventurados”. María Zambranoren liburuetan gehien hunkitu nautenetako bat da. Horretan, prosa poetiko eder-ederra baliaturik, “erbesteko” denboraz hitz egiten du, ez soilik berak pairatu zuen zertzelada egiazkotzat, baizik eta baita, eta nagusiki, “izatearen” kontzientzia gisa ere, existentzia irakurgaitzaren aurrean. Eta toki orotatik eta gure geure barrenetik beretik erbesteko paraje baterantz, ezeren izena ez dakigun eta denbora gelditzen ez den baterantz kanporatzen gaituen misterioaren aurreko harridurazko egoera horretaz hitz egiten du. Kanpoaren eta barnearen harridura enigma berean arnasteaz. Non aurkituko dugu orduan, bada, ba ote den ere ez dakiguna? Non hori islatuko duen hitza? Non narrazioa? Lengoaia galtzea lengoaia aurkitzeko. Hustasun goreneko une horixe da, hain zuzen ere, bat-batean etena den denborak berriro arnas har dezan eta bizi dadin ahalbidetzen duena, higiezintasunaren antzeko jarraitze huts bat izan beharrean. María Zambranorentzat hustasuneko une horiexek dira, hain justu, kontzientzia, zorrozturik jada, birsor dadin ahalbidetzen dutenak. Kanpora atera behar dugu, gurea den ezer gabe, galderak bakarrik soinean, minaren jabetza asketik, geure burua berreginez, txiki-txiki. Estalperik gabe, espero gabeko aurkikuntzekin, bakar-bakarrik askatasunean eta espiritua egia aldaezin orotatik aske denean egin daitezken aurkikuntza horiekin bat egiteak eragiten duen harriduratik.

 

“Eta horrela intelektual esaten dioten hori (...) bere hitza ematen duena besterik ez da, ikusi eta sentitua, jasan eta isilean gordea esaten eta izena edo itxura ematen diona, munduaren mututasuna urratzen duena, bakar-bakarrik gauzak bere izenez esan dituelako agertzen dena, historiak exijitutako unean hitz zuzena eta tonu egokia ez aurkitzeko arrisku ankerraren mendean beti (...) (María Zambrano” Los intelectuales en el drama de España”)

 

María Zambranok 1937an idatzi zituen hitz hauek, Txileko erbestean jada, Espainiako Gerra Zibila bete-betean zela, eta dinamika estetiko horren “dei intelektualaz” zuen kontzepzioaz hitz egiten digute beste behin, ikerkuntza intelektuala eta konpromiso etikoa norberari bizitzea fortunatu zaion garaiarekin lotzen dituen ekintzarako biziproiektu bakartzat.

Berak pentsatzea, filosofia, bizitzaren osotasuna ulertzeko zuen moduaren erabateko argitasun poetikoa zabaldu egiten zen, ezin bestela izan, besteen artean erakusten zuen portaera pertsonalera ere. Kontinentez kontinenteko, herrialdez herrialdeko nomadismo etengabe horretan beti aldean eraman zuen matxinada metafisiko hori; eta, halaz, erbestea dagoeneko bere benetako aberria zela idaztera iritsi zen behin. Izatearen metafora zen azkenean, bidegabekeriaren eta ankerkeriaren kontra, gizakia ukatzen zuen ororen kontra altxatutako izakiarena. Halaz, Zambranoren obraren argitasun intelektual eta etikoa, basakeriaren aurreko erresistentzian diren filosofiako beste pentsalari batzuena bezala -Walter Benjamin, Hannah Arendt eta Albert Camus-, ezinbestekoa zaigu.

Julia Otxoa

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net